XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alimaleak bitartean gela haundi batean atxiki zituzten.

Jendea zeharo arrituta zegoen.

UNOko ordezkariak ere bai.

Kazetalariak, telebista eta irratikoak trumilka etortzen asi ziren.

Polizak ere bai.

Zientzilariak iritxi zirelarik gorila zaharrarekin solastu ziren; hunek beren helburua azaldu zioten.

Zientzilariek, pozaren pozez negarra zeriotela eta ezin sinetsiz, alimale guztiak besarkatu zituzten.

UNOko buruzagiei alimaleen xedea azaldu zioten, bai eta berak kargu eta bitarteko eginen zirela ere.

Asmentan haiek ezetz eta ezetz zioten, hura zeharo irregularra zela eta ez zutela holakorik nahi UNOn; bainan zientzilariek hura urrats ezinago nagusia zela, munduan gertatu garrantzizkoenetakoa, ukatzeko nehungo eskubiderik ez zutena, behin eta berriz errepikatu zioten.

Azkenean, deus ere ez zela gertatuko segurtatuz gero, konbentzitu zituzten.

Hala, bada, UNOko batzarre nagusi berezia biharamonerako deitu zuten.

Zerika zen jakin zenean ordezkari guztiek joan gogo zuten.

Aretoa bete beterik zegoen.

Kanpoan kazetalariak pillaka eta jendeketa gaitza.

Mundu guztia ere adi-adi zegoen telebistari beha, batzarre berezia mundu guztira zuzenean eman behar bait zen.

Denak begi belarri zeuden alimaleak mahaiburura inguratu zirenean.

Mikrofono eta kameren aintzinean gorila zaharra eta iru zientzilariak kokatu ziren.

Eta horrela, zientzilariek bet-betako itzulpena egiten zutela, gorila zaharra keinuzko izkuntzaz solasten asi zen: Bizitza da denok, zuek gizakiak, gu alimaleak, landareak eta gainerakoak lotzen gaituen lokarri anaikorra.